Historia

Ero-Etxe, 1977tik

fondo historia

ERO-ETXE elkartea, Tolosako koadrila desberdinetako kideen artean zegoen erlazioaren ondorioz sortu zen 1977 urtearen inguruan.

Asteburuetan, koadrila sortzaileetako batek elkartzeko erabiltzen zuen bordatik hartu zuen izena elkarteak. Egun galduta dagoen borda hau San Antoneko gainean zegoen, Berastegin. Bertan, ondo pasatzeko eta libre sentitzeko elkartzen zirela diote. Bordara kotxez iristea ezinezkoa zen; azken metroak, nahitaez egin behar ziren oinez. Janaria zela, erremintak zirela, borda konpontzeko materiala zela, karga handia eramaten zen beti. Anekdota batek dio zailagoa zela egun amaieran kotxera jaistea lehen orduan bordara igotzea baino.

Borda alde batera utzita, eta elkartearen lokalari helduz, bere hastapenak orain Aralar Kirolak denda bezala ezagutzen dugun Laskorain kaleko lokaletako batean izan zirela esan genezake. Izan ere, denda horren eta lokalaren jabe zen bazkide fundatzaileetako bati esker (Txuri Areizaga) hasi ziren proiektu honekin. Lokal horrengatik izan ez balitz, ziur, orain ez ginela gai honetaz ariko.

1978 baino lehenagoko urteetan, inauterietako festetan elkartzeko, lokal hori erabiltzen genuen. Urtero, bere ateak irekitzen genituen, eta bertan, festaz gozatzeko elkartzen ginen, afariak eginez, mozorroak prestatuz, etab. Han sortu zen egun ezagutzen dugun txaranga.

1978an toki egonkor baten beharra ikusi genuen, eta Areizagak lokala bost urterako eman zuen, errenta moduzko baten ordainetan. Honela, bazkide sortzaileen artean lokala egokitzen hasi ginen. Sasoi hartan Veleta elkarteak erabateko erreforma egin zuen lokalean, eta aukera hau aprobetxatu genuen, diru gutxirengatik, baxera osoa, kafetera, etab. erosteko.

ERO-ETXE elkartearen irikiera ofiziala (arauzko elkarte bezala) 1979ko Ostegun Gizeneko afarian gauzatu zen. Lehen lokal horretako bazkideen kopurua 30 pertsona ingurukoa zen. Tira, ordena eta fundamentua nolakotasun nagusiak zirenik ezin da esan; beharbada geure izenari ohore egitearren eta guztiok egun baino 25 urte gutxiago genuelako izango zen.

Burura datorkigu sarri errepikatzen zen anekdota bat. Ordu txikietara arte poteatu ondoren irrikaz joan ohi ginen elkartera gosea asetzeko asmoz. Poteatzetik zuzenean, ezer erosi gabe joaten ginelako, bakoitzak gehienez ere arrautza pare bat jan ondoren, kafea hartzera pasa behar izaten genuen. Egoera askotan errepikatzen zenez, tomatea ontziratzea otu zitzaigun, eta baita hala egin ere. Handik aurrera, ogia tomatetan bustita bazen ere, poteo ondorengo afari hauek gehixeago asetzen gintuzten.

Lehen esan dugunez, Laskorain kaleko lokala bost urterako zen, baina 7 pasatu ziren eta oraindik han jarraitzen genuen. Martxan jarri eta egungo geure lokala aurkitu genuen, aurrekotik 50 metrora. Hau erosi egin behar zen, eta horretarako kreditu bat eskatu behar izan genuen. Une hartan zenbait bazkidek bertan behera utzi zuen elkartea. Hala ere, nahiz eta bazkide guztiak egon, ezin izango genuen kreditu hura ordaindu. Hori ikusita, bazkide berriak gureganatzeko kanpaina bati ekin genion 60 bat izatera iritsi arte. Lokal berria, bere kondizioengatik, perfektua zen gure nahietarako eta, bere piko formako sabaia eta bere leihoak aprobetxatu genituen lokala Berastegiko borda zaharraren itxura emanez dekoratzeko.

Azkenean, gorabehera batzuen ondoren, proiektu guztietan pasatzen den bezala, lokal berriaren ateak irekitzeko garaia iritsi zen; 1985eko irailaren 21ean, hain zuzen ere.

historia1